HISTORIA

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Europa

MONTSERRAT GÁRATE OJANGUREN
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Europa

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eta Europaren arteko harremana aztertzeko, kontuan hartu behar dugu, batetik, atzerriko elkarteek eta akademiek eragina izan zutela Elkartearen sortzaileengan, eta, bestetik, Europako aditu ugari Elkartearen meritu oneko bazkide egin zirela.

Peñafloridako kondeak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzaileak, bazekien Europan bazeudela zenbait elkarte eta akademia. Peñafloridako kondeak izandako prestakuntza eta atzerrira egindako bidaiak funtsezkoak izan ziren Elkartea sorrarazteko. "Nazioaren interesak sustatze aldera patrizio prestu jakin batzuekin bat egiteko" ideia (Bernardo Wardek esan zituen hitz horiek 1762an) funtsezkoa izan zen zientzia-elkarteak sortzeko Irlandan, Suedian, Frantzian eta Toskanan. Haien helburuetako bat zen bazkideen esperimentuen eta behaketen emaitzak aplikatuz nekazaritza hobetzea. Adibide horiei jarraituz, Peñafloridako kondeak asmo hau zuen, Elkartea sortu zuenean: jakintza-tenplu bat izatea, mota guztietako onurak sortzeko herrialderako, letra ederrak eta arteak landuz.

Europako ideia ilustratuek (batez ere, Frantziakoek —Frantziako ideiek garrantzia ematen zioten hurbileko inguruneari eta utilitarismo sozialari eta ekonomikoari—), herrialdearen egoerara egokituta, eragina izan zuten Peñafloridako kondeak 1764an egindako proiektuan. Hori gorabehera, Europarekin izandako ideia- eta jakintza-trukea batez ere bi modutara gertatu zen: batetik, Elkarteko bazkideek egonaldiak egin zituzten atzerrian, eta, bestetik, Europako pertsona itzaltsu batzuk Elkarteko bazkide izan ziren.

Atzerrian izan zirenen artean, aipatzekoak dira Elhuyar anaiak: 1778an onartu zituzten Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkidetzat, eta, urte horretan bertan, Bergarako Errege Mintegiko irakasletzat, eta, horren ondoren, Upsalako Unibertsitatean izan ziren. Europan zehar egindako bidaian, Friburgoko Meatze Eskolan ikasi zuten, eta, gero, Europako zenbait herrialdetan zehar bidaiatu zuten, eta zenbait galdategitan eta meatzetan izan ziren. Elhuyar anaien antzera, Elkarteko beste bazkide batzuk ere Europara joan ziren, bidaiari gisa (horietako bat izan zen Ramon Maria de Munibe) edo barneko ikasle gisa, zentro aurreratuetara joateko. Zentro horietan, metalurgiaren arloko aurrerapenen berri izan zuten, bai eta Elkarteari asko interesatzen zitzaizkion beste arlo batzuetako aurrerapenen berri ere. Prestakuntza atzerrian osatzea zen helburua. Barneko ikasleen artean, aipatzekoak dira Antonio Maria de Munibe, Peñafloridako kondearen semea, eta Xavier Maria de Eguía, Narrosko markesa, Elkartearen sortzaileetako bat eta Elkartearen biziarteko idazkaria izan zena. Jerónimo Mas Parisen izan zen; berez, matematikako iraskaslea zen Bergaran, baina Frantziara bidali zuten, kimikari, fisikari eta matematikei buruzko jakintza hobetu zezan. Orobat bidali zituzten Europara Elkartearen ordezkari gisa erlojugile bat, Roque de Prada, eta hizkuntzalari bat, Martin Ramírez. Roque de Prada Genevara joan zen, erlojugintza ikastera. Ikasten ari zenaren berri emateko idazten zuen, eta, aldi berean, han zeuden burdin lantegien berri ematen zuen. Martin Ramírez, berriz, Londresera joan zen, "hizkuntza ingelesa ikasi eta, gero, Bergarako Mintegian irakasteko". Ikasleek eta bidaiariek atzerritik bidaltzen zituzten iruzkinak eta txostenak Elkartearen laburpenetan jaso zituzten.

Europako bazkideei dagokienez, itzal handiko pertsona ugari etorri ziren. Talde handiena Frantziako bazkideena zen. Horien artean, gehienak zientzialariak ziren; dena den, militarrak, politikariak eta legelariak ere izan ziren, besteak beste.

Antza denez, Antonio Maria Muniberi eta Javier Maria de Eguíari esker sartu ziren Euskalerriaren Adiskideen Elkartean lehenengo zientzialari frantsesak, savants zeritzen haiexek. Horien artean, aipatzekoak dira gizon hauek —kasu batzuetan, ez da egokia zientzialaritzat soilik sailkatzea—. P.C. Grignon: Elkarteak saritu egin zuen galdaketa-labeetarako hauspoen gainean egindako lanagatik. H.M. Rouelle: kimikako irakaslea izan zen, eta diamantearen errekuntzari buruzko lanak egin zituen. J. D'Arcet: txosten bat egin zuen burdinaren egoera ezberdinen eta burdina altzairu bilakatzearen emaitza esperimentalei buruz. L.J.M. Daubenton: zenbait artikulu idatzi zituen Entziklopedia metodikoa delakorako. L.B. Guyton de Morveau: Méthode de nomenclature chimique idatzi zuen, eta Lavoisierekin eta Fourcroyrekin batera lan egin zuen. Esaten dutenez, arrazoiak bultzatu zuen magistratu izatera eta, zaletasunak zientzialari izatera. A.F. Fourcroy: kimikaria eta irakaslea izan zen, bai eta politikaria ere. N.L. Vauquelin: analista kimikoa izan zen, eta, Fourcroyrekin batera, erreaktiboen establezimendu bat sortu zuen. P. Bayen: farmazialaria izan zen, eta zenbait lan idatzi zituen ikatzei eta burdinaren metodo metalurgikoei buruz. Ez dezagun ahaztu L. Proust: farmazialaria, kimikaria eta Bergarako Errege Mintegiko irakaslea izan zen.

Orobat nabarmendu ziren jakintzaren hainbat arlotan, hain zuzen, batez ere politikan aritu ziren bazkideak; besteak beste, J.F. de Montégut, erregearen aholkulari izan zena Tolosako parlamentuan, B.J.J. de Cérat eta L. d'Epinay, Nafarroako parlamentuko kontseilari izan zena, eta Chabeaussière. Azken hori Baigorriko meategien ikuskatzailea izan zen, eta txosten bat egin zuen Orbaizetako kobre-meategiei buruz. Aipatzekoa da, halaber, José Gerónimo Lalande, oso pertsona interesgarria izan baitzen. Gizon polifazetiko horrek zuzenbidea ikasi zuen, eta abokatu gisa aritu zen lanean. Horretaz gainera, astrologo izateko ikasi zuen. Haren obra idatzi oparoak agerian jartzen du zer-nolako jakintza zabala zuen hainbat arlori buruz. 1761ean, lan bat argitaratu zuen papera egitearen arteari buruz, Frantzian eta Holandan eta Txinan eta Japonian papera egiteko modua oinarri hartuta. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lan horren berri izan zuen, eta José Gerónimo Lalande Baskongadako bazkide egin nahi izan zuen.

Frantziatik kanpoko bazkide atzerritarrak ere egon ziren; esaterako, Suedian (burdin lantegien zuzendari izandakoa), Eskozian, Ingalaterran eta Saxonian. Bazkide atzerritar horiek oso garrantzitsuak izan ziren. Orobat izan ziren garrantzitsuak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak haien bitartez XVIII. mendeko Europako elkarte eta akademia entzutetsuenekin izandako harremanak. Ideia-trukea eta atzerrian ikasi zuten ikasleak eta irakasleak izan ziren ilustrazioaren jakintza berritzaileenen bozeramaile onenak.

 


Bibliografia:

Román Polo, Pascual, "Los elementos químicos, su descubrimiento y la Bascongada", lección de Ingresos, Nuevos Extractos de la RSBAP, Bilbao, 1996.
V Seminario de la RSBAP. La Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País y Europa, Madrid, 1999.

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Para obtener más información sobre las cookies que utilizamos y cómo eliminarlas, consulte nuestra Política de Cookies.

Acepto las cookies de este sitio.