HISTORIA

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Bergarako Real Seminario Patriótico Bascongado delakoa

INÉS PELLÓN GONZÁLEZ
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Bergarako Mintegia XVIII. Mendean

Bergarako Mintegia lehenengo aldiz ikusten duenari irudituko zaio, zalantzarik gabe, eraikin paregabe baten aurrean dagoela. Irudipen hori eraikinaren hormek baiezta lezakete. Hormek, hitz egin ahalko balute, esango lukete lehen mailako irakaskuntza -eta ikerketa- zentro baten aterpe izan zirela eta zentro hori aitzindari izan zela bertan irakatsi ziren diziplina zientifiko eta teknikoetan. Zentro gogoangarri horren bultzatzaile nagusia Xavier Maria de Munibe eta Idiáquez (1729-1785) izan zen, Peñafloridako zortzigarren kondea. Beste zaldun prokuradore batzuekin batera, elkarte bat sortu zuen, Europan garai hartan zeuden zientzia-akademien ereduaren arabera. Elkartea 1764ko abenduaren 24an sortu zen, formalki. Erregearen babesa jaso zuenean, Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País - Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (EAE), izena hartu zuen. Mota horretako lehenengo erakundea izan zen, eta interes handia piztu zuen bere garaikideen artean.

Elkartearen irakaskuntza-proiektua gauzatu zenean, eraikin zoragarri bat hartu zuten irakastegitzat. Eraikina jesuitena izan zen, eta Elkarteari eman zioten, Jesusen Konpainia Espainiatik egotzi zutenean. 1777tik aurrera, Real Seminario Patriótico Bascongado (Bergarako Errege Mintegi Abertzalea) izena hartu zuen, eta, nahiz eta Mintegi izena izan, garai hartan ez zen erlijio-ikasketarik egiten han; beste goi-mailako ikasketa batzuk egiteko beharrezko hezkuntza eskaintzen zen, bai eta ikasleei prestakuntza integrala emateko mota orotako ikasketak ere.

1777ko irailean, Estatuan ezarritako lehenengo bi katedrak sortu zituzten bertan: kimikakoa eta mineralogiakoa. Egia da Almadeneko Meatze Eskola hilabete batzuk lehenago sortu zela (1777ko uztailaren 14ko Errege Aginduaren bidez), baina, eskola horren ikasketa-planaren arabera, ez zuten asmorik katedra horiek sortzeko. Bi katedra horien sorrerak zerikusia izan zuen espioitza-misio zientifiko eta militar batekin. Misio horrek Elkartearen kideen laguntza jaso zuen, eta une bikain bat izan zuen, 1783an Juan Jose (1754-1796) eta Fausto (1755-1833) Elhuyar anaiek Bergaran wolframioa isolatu zutenean. Edonola ere, ez dezagun ahaztu Bergaran beste hainbat mugarri zientifiko lortu zirela. Esate baterako: platino-meak baliatuz platinoa malgutzea lortu zuten François Chabaneau fisikako, frantses hizkuntzako eta mineralogiako irakasleak (1754-1842), lehenbizi, eta Anders Nicolaus Thunborg mineralogiako irakasleak (1747-1795), gero; teknika berritzaileak jarri zituzten abian herrialdearen industria sustatzeko; Fausto Elhuyarrek hainbat lan egin zituen metalurgiaren gainean; Louis Proust kimikariak (1754-1826) hainbat motatako ikerketa kimikoak egin zituen, eta, besteak beste, ura aztertu zuen hainbat iturri eta iturburutan; bestelako jardunbide batzuk bultzatu zituzten nekazaritzan eta abeltzaintzan; Gerónimo Masek (?-1804) maila handiko matematikako ikasketak irakatsi zituen; abian jarri zituzten nautikako ikasketak (horretarako, hainbat sari eman zituzten); eta hainbat motatako medikuntza-ikerketak egin zituzten (aipatzekoa da baztanga inokulatzeko kanpaina). Horretaz gainera, Louis Proustek ohorezko aipamen bat merezi du; izan ere, "laborategi perfektu bat" ezarri zuen Bergaran, bere eskolak emateko eta analisi kimikoak egiteko. Laborategia Zabala etxean zegoen, Mintegitik gertu, eta, 1779ko maiatzaren 20an, Estatu osoan irakatsi zen lehenengo kimikako eskola irakatsi zen bertan, kimika diziplina akademiko beregaintzat hartuta.

Karlos III.a erregea 1788an zendu zen, eta Karlos IV.ak (1748-1819) haren lekua hartu zuen. Karlos IV.a errege zenean gertatu ziren Frantziako Iraultza eta Konbentzioaren aurkako Gerra deritzona. Soldadu frantsesak Gipuzkoan sartzearekin batera, Mintegiko pertsonak sakabanatu egin ziren. Hortaz, 1794tik aurrera, Mintegian egiten ziren jarduerak bertan behera gelditu ziren, baina ez betiko. Duela gutxira arte uste zen tropa frantsesek Mintegia arpilatu zutela eta suntsitu egin zituztela, besteak beste, laborategiko materialak, baina, gaur egun, frogatu da ez zelako halakorik gertatu. Zabala etxeko kimika-laborategiko lanabesek osorik iraun zuten gerran zehar, eta, 1800. urtean, eraikin nagusira eraman zituzten. 1798ko urtarrilerako dagoeneko hasiak ziren eskolak ematen eraikin horretan.

Irakaskuntza-jarduera berriz abiatu zen XIX. mendean, eta aurrera jarraitu zuen XX. Mendean

XIX. mendeko gorabeheren ondorioz, Mintegiari "Real Seminario de Nobles" izena eman zitzaion 1804an, eta "Liceo Vascongado", Jose Bonaparteren gobernuak iraun zuen bitartean, eta berriz ere "Real Seminario de Nobles", Independentziaren Gerra amaitu zenean. Hirurteko liberalaren erdialdean (1820-1823), Mintegiak "bigarren hezkuntzarako probintziako unibertsitatearen" kategoria eskuratu zuen, eta bigarren hezkuntzako Gipuzkoako lehenengo ikastetxe ofiziala bilakatu zen, eta, 1823an, berriro hartu zuen "Real Seminario de Nobles" izena. Lehen Karlistaldian (1833-1839), militarrek Mintegia okupatu zuten; dena den, 1840an, berriro hasi ziren eskolak ematen. 1845ean, beste etapa bikain bat hasi zen. Izan ere, "Bigarren Hezkuntzako Goi Mailako Gipuzkoako Institutu" izendatu zuten. Institutu horretan, Estatuko institutu gehienetan irakatsi ezin ziren titulazioak irakatsi zituzten.

1848an, Mintegiko arduradunek hezkuntza-eskaintza zabaldu zuten, Matematikako Eskola Berezia eta Merkataritza Eskola sortuz. Eskola horien bidez, goi-mailako hautazko karrerak egiteko prestatzeko ikasketak ofizialdu ziren. Bi urte geroago, 1850ean, Industria Eskola sortu zuten. Estatuan sortutako hiru industria-eskoletako bat izan zen (beste biak Bartzelonan eta Sevillan sortu zituzten). Eskola horiek gaur egungo industria-ingeniarien eskolen aitzindari dira. Mintegiari "Real Seminario Científico Industrial de Vergara" izena eman zioten 1851n. Mintegiak sail hauek zituen: Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntzako Institutua, Matematikako Eskola Berezia, Merkataritza Eskola, Industria Eskola eta Hainbat Arlotako Irakaskuntza. Sail horietan irakatsitako jakintza zinez modernoa eta maila gorenekoa zen, eta, horregatik, XVIII. mendean bezala, penintsulako ia leku guztietako ikasleak joan ziren Mintegira, bai eta Europako herrialde batzuetakoak eta itsasoz bestaldeko lurralde batzuetakoak ere, hala nola Ameriketakoak eta Filipinetakoak. Tamalez, zailtasun ekonomikoak zirela-eta, 1861ean Industria Eskola itxi zuten. Hortaz, Mintegian, ikasketa hauek soilik egin zitezkeen: Probintzia Institutuarenak eta Barneko Ikasleen Eskolarenak. Edonola ere, diru-laguntzarik gabe bada ere, Estatuko hautazko karrera zibilak eta militarrak egiteko bide ematen zuten ikasketek aurrera jarraitu zuten, bai eta merkataritza-ikasketek ere. Bigarren Karlistaldian (1873-1876), Karlos erregegaiaren tropek Mintegia okupatu zuten, eta, hori dela eta, Gipuzkoako Institutua Donostiara eraman zuten. Gaur egun ere, hantxe dago. Mintegiko irakaskuntza-jarduera bertan behera gelditu zen, harik eta, 1880an, Mintegia Dominikarrei utzi zieten arte, bertan ikastetxe bat ezartzeko baldintzapean. Dominikarrek halako moduz suspertu zuten Mintegia, non, Mintegiaren ospeari esker, Bergarak berriro lortu baitzuen lehengo nagusitasuna. Izan ere, Dominikarren ustez, zientzia-jarduera zen hezkuntzaren giltzarrietako bat. Kabinete guztiak handitu zituzten; batez ere, natur zientziena eta zoologia-bildumarena. Izan ere, zuzendaria Darwinen teorien aditua zen, nahiz eta erlijio-ordena bateko kide izan. Ondare zinez baliotsu hori galdu egin zen ia, gutxi batzuk une jakin batean izan zuten utzikeriaren erruz, baina, zorionez, patuaren esku utzitako material guztia ikertzeko, identifikatzeko, zaharberritzeko eta kontserbatzeko lan ikaragarriari ekitea erabaki zuen udalbatzak 1992an. 3.012 pieza zinez baliotsu eta paregabeok izugarrizko garrantzia dute etorkizunari begira. Besteak beste, 1772ko dilatometro bat eta "euskal balea" baten (Eubalaena glacialis) eskeleto osoa daude balio handiko pieza horien artean.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta haren Mintegiaren historiaren protagonistek lan handia, gogorra eta bikaina egin zuten. Haien emaitzak agerian daude. Haien ahaleginen bidez, fruitu liluragarriak lortu zituzten. Ahalegin horiek eredugarri dira bizitzaren beste alderdi batzuetan. Ongi egindako lanaren balioa, ahaleginak berekin dakarren ordaina, emandako hitzaren eta ohorearen garrantzia eta konpromisoekiko erantzukizuna; horra pertsona horiengandik ikas ditzakegun balioetako batzuk. Haiei esker, "erraldoien sorbalden" gainean egongo gara (horixe esan zuen Bernardo de Chartresek), euskarri bikain batzuetara igoko gara, eta, handik, gehiago eta urrunago ikusi eta etorkizun hobea prestatu ahalko dugu. Iragan horren distirak argitu behar du gure etorkizuna. Behartuta gaude jakintza hori gure garaikideei eta, are gehiago, gure ondorengoei transmititzera. Gure erantzukizuna da jakintza hori ez ahaztea.

 

Bibliografia:

CABALLER, M.C. / LLOMBART, J. / PELLÓN, I. (2001) La Escuela Industrial de Bergara (1851-1861). Donostia-San Sebastián, Colegio Oficial de Ingenieros Industriales de Gipuzkoa.
FELIPE Y LORENZO, E. de (1993) "Los cien nombres del Seminario de Bergara (1776-1783). Lección de ingreso en la RSBAP" Nuevos Extractos de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Suplemento nº 6-G del Boletín de la RSBAP. Donostia-San Sebastián, RSBAP.
GAGO, R. / PELLÓN, I. (1994) Historia de las cátedras de Química y Mineralogía de Bergara a finales del siglo XVIII. Bergara, Ayuntamiento de Bergara.
GUÍA (2010) Guía del Real Seminario de Bergara. Único, valioso, mirando al futuro. Guía del Real Seminario de Bergara. Bergara, Ayuntamiento de Bergara.
IBÁÑEZ RODRÍGUEZ, S. (ed.) (2002) La proyección mundial de los hermanos Delhuyar en el campo de la ciencia y la economía. Logroño, Universidad de La Rioja.
LARRAÑAGA, K. (1991) Las Manifestaciones del hecho ilustrado en Bergara. Bergara, Bergarako Udala, L.G. 1991.
LLOMBART, J. (2002) "Presencias científico-técnicas extranjeras en los Extractos (1771-1793) de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País". En: A. Despy-Meyer (Ed.) Institutions and Societies for Teaching, Research and Popularisation. De Diversis Artibus Collection de Travaux de l'Academie Internationale d'Histoire des Sciences/Collection of Studies from the International Academy of the History of Science Tome 62 (N. S. 25), Proceedings of the XXth International Congress of History of Science, Volume XIX. Turnhout (Belgium), Brepols Publishers, 307-316.
PELLÓN, I. (2013) "De wolframio a tungsteno. Reflexiones en el 230 aniversario de su aislamiento por Juan José y Fausto Delhuyar", Tierra y Tecnología, nº 43, http://www.icog.es/TyT/index.php/2013/08/de-wolframio-a-tungsteno/, visitada el 09.11.2013.
RECARTE BARRIOLA, M. T. (1990) Ilustración vasca y renovación educativa: La Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Publicaciones Universidad Pontificia de Salamanca. RSBAP. Salamanca.
ROMÁN POLO, P. (2000) Los hermanos Delhuyar, la Bascongada y el wolframio. Bilbao, RSBAP, Comisión de Bizkaia.
SERRANO MARTÍN, J. (2009) José María de Odriozola y Oñativia 1782-1864. De las Bellas artes, a las ciencias matemáticas y físicas. Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País.
SILVÁN LÓPEZ-ALMOGUERA, L. (1985) "La Real Sociedad Bascongada de Amigos del País y el Real Seminario Patriótico Bascongado de Bergara". En: Historia del País Vasco, siglo XVIII. Bilbao, Universidad de Deusto, 175-190.
TELLECHEA IDÍGORAS, J. I. (1987) La Ilustración vasca. Cartas de Xavier María de Munibe, Conde de Peñaflorida, a Pedro Jacinto de Álava. Edición, introducción, notas e índices por J. I. Tellechea Idígoras. Vitoria, Parlamento Vasco.
TORALES PACHECO, J. M. C. (2001) Ilustrados en la Nueva España. Los socios de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Universidad Iberoamericana, Departamento de Historia. RSBAP. Colegio de San Ignacio de Loyola Vizcaínas, I.A.P. México, D. F.

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Para obtener más información sobre las cookies que utilizamos y cómo eliminarlas, consulte nuestra Política de Cookies.

Acepto las cookies de este sitio.