HISTORIA

Aguirre Ayanz, Tiburcio

(Gasteiz, 1707 – Madril, 1767)
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ohorezko bazkidea eta zaindaria (1765).

Pertsona ikusbera honen biografia baliagarria izan daiteke espainiar ilustrazioaren sortze-prozesua zeinen konplexua izan zen erakusteko. Prozesu hori berritzaileen talde batek bultzatuta abiatu zen. Berritzaile horiek, bakoitza bere aldetik eta noizbehinkako adierazpenen bidez gehienetan, irrikan zeuden XVII. mendearen amaieraz geroztik herrialdea modernizatzeko. Prozesu hori borboitarren estatuaren erakunde berrien babespean ondu zen. Lehen prestakuntza gortean jaso zuen, haren amona Montehermosoko markesaren babespean. Horren ondoren, 1729an, Salamancako San Bartolomeko Eskolan sartu zen, eta, han, ezaguna egin zen, fisika esperimentaleko eskola edo akademia baten buru zelako eta makinen kabinete bat eta natura-historiaren bilduma bat eratu zituelako. Garai hartan, zientzia-liburutegi bat osatu zuen, eta, liburutegi horretan, besteak beste, Frantziako eta Ingalaterrako argitalpenak jaso zituen. Alventoseko markesaren ustez, hark itzuli zuen Noël Regnaulten Entretiens physiques (Paris, 1729).

Denboraldi labur batez Iruñean izan zen, eta Nafarroako Kontseiluaren gorteko alkatea, auzitegiko epailea eta Tabakoaren Batzordeko ministroa izan zen. Gero, 40ko urteen amaieran, Madrilera joan zen betiko bizitzera. 1748an, Alcántarako zaldunen jantzia eman zioten, eta Ordenen Kontseiluko kide izendatu zuten. Urte horretan bertan, apaiz ordenatu zen, eta Descalzas Reales komentu ospetsuko kapilau egin. Haren amonak ezarritako familia-tradizioari jarraituz, 1754an, Fernando VI.ak gortina-zain eta otoitzen arduradun izendatu zuen, eta, handik gutxira, 1759an, Karlos III.a erregeak Karlos printzearen, hots, Karlos IV.a izango zenaren, hezkuntza utzi zuen haren eskuetan. Tiburcio Aguirrek Alonso Torres Tapiaren Crónica de la orden de Alcántara argitaratu zuen, eta Karlos printzeari eskaini.

Tiburcio Aguirrek aktiboki hartu zuen parte lehen borboitarren akademizismo ilustratuan; hasieran, Espainiako Errege Akademiako ohorezko bazkidea (1735), supernumerarioa (1737) eta akademiko numerarioa (1744) izan zen, eta, geroxeago, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kontseilaria (1752) eta zaindariordea (1753-1767).

Datuen arabera, eginkizun garrantzitsua izan zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkarte sortu berria erakundetzeko prozesuan. Tiburcio Aguirre Elkartearen babeslea eta bigarren ohorezko kidea izan zen. Kargu hori bertan behera gelditu zen hil zenean, eta San Fernandoko akademiako zaindariordearen karguan oinarritzen zen. Zaindariaren ordezkari eta aldi berean Estatuko Bulegoaren idazkari gisa, haren eginkizuna, berez, monarkiak erakunde akademikoa kontrolatzen zuela bermatzea zen. Peñafloridako kondeak eredu hori ezagutu zuen, bai eta sakon ezagutu ere, Madrilen egindako egonaldian (1758-1762); besteak beste, Agustín de Montiano Luyandoren (1697-1764) eta Tiburcio Aguirreren bitartez. Tiburcio Aguirrerekin eta haren iloba Francisco Javier Aguirrerekin (1732-1763) batera, Xabier Maria Munibek aukera izan zuen ekitaldi akademiko batean parte hartzeko. Ekitaldi hori 1760ko ekainean egin zen, Madrilgo Nobleen Errege Mintegian, eta, ekitaldian, ikasle gazte batzuek matematika eta fisika esperimentalaren Ondorioak defendatu zituzten.

 

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Para obtener más información sobre las cookies que utilizamos y cómo eliminarlas, consulte nuestra Política de Cookies.

Acepto las cookies de este sitio.